Warning: file_get_contents(/home/aixerrot/public_html/euskaraldia.eus/wp-content/plugins/weekly-class/weekly-class.php): failed to open stream: No such file or directory in /home/customer/www/euskaraldia.eus/public_html/wp-includes/functions.php on line 6651
Aurkezpena | Basauritarrak

Aurkezpena

Euskaraldia Basauriren bigarren edizioan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo da euskaraz

  • Basauriko hamabost eragilek sortu dute herri batzordea, hezkuntza, kirola, kultura, auzo elkarte eta merkataritza esparruetakoek
  • 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista berriro ere, eta oraingoan mota guztietako entitateak gehituko zaizkie ariguneak sortuz
  • Entitateek ariguneak sortu eta inskribatzeko aukera dute basauritarrak.euskaraldia.eus webgunean

 

Basauri, 2020.06.24.- Basaurik ateak ireki dizkio Euskaraldiaren bigarren edizioari. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da euskararen inguruko ariketa soziala eta aurten, ahozbizi eta belarriprestez gain, ariguneak izango ditu ardatz: euskaraz uneoro hitz egiteko aukera bermatzen duten entitateak, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean.

Basauriko hamabost eragile batu dira herri batzordea sortzeko ‘Basauritarrak’ izenpean. Hezkuntza, kirola, kultura, merkataritza, auzo elkarteak eta komunikabideetako norbanakoek osatu dute lantaldea, Udaleko ordezkariekin batera. Herri batzordea martxan jartzearekin batera, datorren Euskaraldiak izango dituen ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte antolatzaile eta sustatzaileek sareratutako bideo eta argazkiekin.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra egin zen lehen Euskaraldia. Edizio hartan izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. 1.401 basauriarrek eman zuten izena 2018an.

Elkarlan eta lankidetza eredu berriak zabaltzeko ere balio izan zuen ekimenak eta euskararen erabilera errazten duten arau sozial berriak ere gizarteratu ziren ariketa sozialean. Bigarren edizio honetan, ahobizi eta belarriprest herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek. Horretarako Euskaraldian garrantzi berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: arigunea. Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak.

 

Euskaraldia: gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

“Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun ditu. Lehen edizioaren balorazioan aipatu modura, ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia eta edizioz edizio urrats berriak ematea da helburua.

Iazko irailean plazaratu zen Euskaraldiaren ikerketak (https://euskaraldia.eus/2018-ikerketa/) azaleratu zuen moduan, abiapuntu ona izan zuen ariketa sozial berritzaile honek, Euskaraldiak emaitza onak eman baitzituen; hala ere, eragina handitzeko gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritu behar dugula argi erakutsi zuen.

Garapen horri erantzunez Euskaraldiak egun gehiago izango ditu aurtengo edizioan: 15 egun izango ditu ariketak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra hizkuntza-ohiturak astintzeko ariketa burutuko dute Euskal Herri osoko ahobizi eta belarriprestek.

2018ko ariketak banakako harremanak hartu zituen aintzat eta edizio berriak, aurrekoez gain, taldekako ariketak ere jasoko ditu. Entitateetan Euskaraldian parte hartzeko aukera zabalduko da, beraz: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur zein kirol taldeetan… aukera emango die ahobizi eta belarriprestei eremu berrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak barneratzeko.

Edizio berriak, halaber, iazko dinamika zabaldu eta sakontzea du helburu. Ekimenera ahobizi eta belarriprest gehiago bildu eta rolak ongi lantzea, alegia. Hori horrela, ahobizi eta belarriprest figurak zer diren azaltzen jarraituko da: portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean.

 

Herritarrak ariketako partaide, entitateak ariguneen sustatzaile

Ariguneak eta entitateak aipatzen badira ere, belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista edizio honetan ere. Horrela, hurrengo urteko ariketan lehen edizioan erabili ziren txapak izango dira elementu garrantzitsu bat eta antolakuntzatik arreta berezia jarriko zaio ahobiziak eta belarriprestak ariketarako prestatzeari. 1.401 basauriarrek eman zuten izena 2018an: 905 ahobizi eta 496 belarriprest.

Ariguneak dituen entitateen kasuan, antolakuntzaren baitako kideen parte hartzea ahalbideratu eta sustatzea izango da entitatearen egiteko nagusia, baita arigune horiek babesteko neurriak hartzea ere. Horregatik azpimarratu da entitateak sustatzaile izatetik funtzio garrantzitsua duten eragileak izatera pasako direla bigarren edizioan.

 

Herri batzordea martxan

Lehen Euskaraldian herri batzordeek garrantzi zentrala izan zuten Euskaraldia antolatzeko garaian, herriz herri eraiki baitzen ekimena. Bigarren edizio honetan ere herri batzordeek garrantzi bera izango dute. Hamabost eragile batu dira Basauriko herri batzordean eta dagoeneko Basaurik Euskaraldian parte hartzeko izena eman du.

Garrantzitsua da herriko batzordeetan herritarrek parte hartzea, eta mota askotako taldeak eta pertsonak biltzea Euskaraldiaren antolakuntza lanetan. Horregatik, hezkuntza, kirola, kultura, merkataritza, auzo elkarteak eta komunikabideetako norbanakoek osatu dute lantaldea, Udaleko ordezkariekin batera.

Osasun krisia dela medio, telematikoki aritu da lanean herri batzordea, eta lehen aldiz batzea erabaki dute aurkezpen bideo bat grabatzeko. Bertan, batzordekideek hartu dute hitza Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzeko.

Aurten Euskaraldia Basauriren dinamizazioan Bolintxu AEK eta Geuria – Hego Uribeko herri komunikabidea arituko dira, Basauriko Udalarekin elkarlanean.

 

Hurrengo pauso orokorrak Euskaraldia ariketa egin bitartean

  • Entitateek ariguneak identifikatu, kideen adostasuna lortu eta izena-ematea.
  • 2020 iraila-2020 azaroa: belarriprest eta ahobizien izen ematea.
  • 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra EUSKARALDIA.

 

ZER DA ZER

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Arigunea: entitate barruan euskaraz aritzeko guneak dira; euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

 

HERRI BATZORDEKO KIDEAK

Marieli – Basauriko Udala. Zinegotzia
Arantza – Basauriko Udala. Euskara teknikaria
Arkaitz – Basauriko Udala. Udal Euskaltegia
Patricia – Basauriko Udala. Itzultzailea
Erruben – AEK Bolintxu
Ioritz – Berbalagun taldeak
Jon – Geuria Hego Uribeko herri komunikabidea
Aintzane – Basauri Eskubaloi taldea
Eneriz – Basauritar Dantza Taldea
Amparo – Etxeragai eskola
Joseba – Danbolin Txistulari Elkartea
Unai – CD Basconia
Iraide – Merkataria. Fisioterapeuta
Lontzo – EiTBko langilea
Miriam – Merkataria. Arrain saltzailea
Maria – Herritar euskaltzalea
Jesus – Basozelai Auzo Elkartea

 

HARREMANETARAKO:

Dinamizazioa: AEK Bolintxu. Tel: 688 746 706
Prentsa: Basauriko Udala. Tel: 944 666 327
@: basauritarrak@euskaraldia.eus

 

Sare sozialak
Facebook: facebook.com/basauritarrak
Twitter: @basauritarrak
Instagram: instagram.com/basauritarrak_euskaraldian