Maiatzaren 2an egin genuen Basaurin Euskaraldiaren aurkezpena, Topaguneko Manuel Morenoren eskutik: dinamika zertan datzan azaldu, eta hura aurrera eramateko batzordea osatzeko nondik norakoen gainean aritu zen.

Ariketa sozial horretan «Ahobizi» eta «Belarriprest» figurak erabiliko ditugu, eta, orain, herritarrei horien berri ematea tokatzen da. Horrela, bada, «Ahobizi»ek lehen hitza euskaraz egingo dute beti: ulertzen dutenei euskaraz egingo diete, nahiz eta haiek erdaraz erantzun. «Belarriprest»ek, beren aldetik, nahiz eta euskaraz sarri ez egin, ulertu egiten dute, eta haiei euskaraz zuzentzea nahi dute —erantzuna, agian, gaztelaniaz eman arren—.

Euskaraldiarekin batera, ikerketa ere egingo dugu, euskararen erabilera neurtzeko. Izan ere, aurreko urteetan antzeko dinamikak garatu dituzte Euskal Herriko zenbait herritan, eta bertan egindako neurketen emaitzak positiboak izan dira: ekimenean zehar gora egin du euskararen erabilerak.

Beraz, Basaurin ere euskaraz egiten dugula —eta are gehiago egingo dugula— erakusteko, irailetik aurrera aukera izango dugu Euskaraldian izena emateko. Geure buruari erakutsiko diogu badugula aukera hizkuntzen ohituran eragiteko eta herriaren hizkuntza-altxorra eremu guztietan erabiltzeko.